2011/11/07

Azaroaren 2an 'Arra.Arraroa.' pieza laburra Mintzolan




Metrokoadroka kolektiboak sortze prozesuan den 'Arra.Arraroa' antzezlanaren zati bat eskainiko du Mintzolan, Julia Marinekin elkarlanean. 'Arra. Arraroa.' testua Oier Guillanek idatzi eta Artezblai argitaletxeak kaleratu du, bertan teatro-kodea idazkera poetikoarekin uztartzen delarik.

'Arra. Arraroa' antzezlanean egun 'gizona' izatea zer den gogoetatzen da, batez ere gizonek orain arteko ereduen inguruan duten zalantzarako eskubidea aldarrikatuz. Iñigo Ortega aktoreak hartu du bere gain testua oholtzan gorpuzteko erronka.

Mintzolan antzezlanaren lagin txikia eskainiko da pieza modura, antzezpena eta irakurketa tartekatuz, batez ere testua/ahotsarekin egindako lanari erreparatzeko xedez.

HEMEN egitaraua osorik.

Antzezlanaren estreinaldia: azaroaren 27an Guardetxean eta abenduaren 1ean Dokan, Donostia Kulturaren eskutik.

'Arra. Arraroa' antzezlanaren lehen hitzorduak




'Arra. Arraroa' antzezlanaren sortze prozesuan gabiltza murgildurik azkenaldian. Lehenengo hitzorduen datak ere baditugu:

PIEZA LABURRAK, SORTZE PROZESUAREN BARRUAN:

- Azaroaren 2an Mintzolan: pieza laburra eta solasaldia Mintzolan Julia Marinekin elkarlanean, Ahoa bete hots jardunaldien barruan.

- Azaroaren 10ean, goizez Gasteizen 'Kaleek badute generoa' mintegiaren barruan, irakurketa dramatizatua.

ESTREINALDIA:

- Donostia Kulturaren eskutik, azaroaren 27an 19:00etan Guardetxean eta abenduaren 1ean Doka Kafe Antzokian.

SINOPSIA

Zer da gizona izatea? Gizon batek bere barneak arakatuko ditu galdera horri erantzun nahian, bere eguneroko bizitzan ‘gizon’ izan nahi horretan jasandako presioak, eta ondoriozko konplexu eta beldurrak azaleratu nahian. Gizona izateari loturiko topikoak urratuta sortzen ahal den nortasunaren bila dabil protagonista, gizona.

Zer edo zerk definitu badu orain arte gizona izatea zer den
hori beldurra izan da.
Emozioak adierazteko beldurra.
Ahul agertzeko beldurra.
Barregarri geratzeko beldurra.
Galtzaile izateko beldurra.
Barrutik biluzteko beldurra.
Beldurrari aurre egiteko irakatsi diguten modu bakarra
beldurra eragitea da.
Beldurrari hostia pare bat eman eta kito.
Beldurraren kontrakoa ez da ausardia.
Beldurraren kontrakoa beldurrarekin bizitzen jakitea da,
inor izorratu gabe.

'Arra. Arraroa' proiektua martxan




'Arra. Arraroa' testuan oinarritutako proiektua jarri dugu martxan.

'Arra. Arraroa' testua Oier Guillanek idatzi zuen eta Artezblai argitaletxearen eskutik plazaratu 2010ean, 'Herio heroi' testuarekin batera.

'Arra. Arraroa' testuan oinarritutako pieza esperimentala eskaini zen 2011ko Eztena Teatro Egunen barruan. Iñigo Ortega aktoreak gauzatu zuen dramaturgia-proposamena, testuaren egilearen laguntzarekin.

Testuak egun gizona izatea zer den galdetzen du; bide horretan ez dizkie pertsonaia posibleei mugak jartzen, izan daiteke bakarrizketa bat edo pertsonaia ugarien arteko jokoa. Estetikoki poesiara gerturatzen saiatzen da testua. Hori dela eta Eztenan aurkeztutako piezan 'zu zara zure koroa' leloa hartu zen abiapuntu bezala esperimentatzeko, hau da, gizon bakarraren barruan egon daitezkeen ahots ezberdinen bilaketa. Ortegak proposamen fisikoetatik zedarritu zituen ahots posible batzuk.

Donostia Kulturak zabaldutako formatu txikiko antzezlanak egiteko beka jaso ostean, udazkenean estreinatuko da antzezlana. Informazio gehiago hemen.